Ahor gorbataduna salabardo batekin...
Nabokov ote da tximeletak harrapatzen? Politikari bat seguruago,
zure botoaren ehizan. Maitasun eskutitz bat buzoian botatzear,
orduantxe jabetu nintzen hauteskundeak zetozela: salabardo zuri
batekin zast kendu zidan zinegotzi batek gutuna eskuetatik.
«Barkatu, zure botoa zela uste nuen», lotsatu zen gero, gutunaren
hasieran «Idoia maitea:» irakurri zuelarik. Hauteskundeak hurbildu
ahala, erakundeak Laurel eta Hardyren film zuri-beltzezko bihurtzen
dira bat-batean, azkarrago dabiltza politikariak korridoreetan,
telefonoak hartu eta telefonoak zintzilikatzen dituzte ziztu bizian
idazkariek, kaleetako espaloiak ere bizkorrago konpontzen dituzte,
esango nuke belarra bera ere azkarrago hazten dela inauguratzear
dauden parkeetan. Zuhurtziaz gidatzeko aholkuak emanez iragarki
kanpainak egingo dituzten haiexek dira orain azeleragailuari
hondoraino sakatzen diotenak, James Dean bide bazterrean zapaztu
zuen Porsche ! zilarreztatuaren abiada hutsaren pare utziz.
Hauteskunde aurretiko egun hauek frogatzen dute posible dela gauzak
hobeto egitea. Hilabetez, gure erakundeek enpresa pribatuen
eraginkortasunarekin funtzionatuko dute. Hilabetez, alkategaien
aurpegi zapalak postontzietako pizza eta koltxoi merkeen iragarkien
ondoan pilatuko dira. Hortxe mendekurako aukera, panfletoekin
paperezko hegazkinak egin eta leihotik botatzea. Ez apuratu, haiek
gauza bera egingo dute-eta zure botoarekin hauteskundeak pasatzen
direnean. Badatoz hauteskundeak, aixkideak. Aulki-dantza zoroa hasi
da. Musika geratzen denean, denak korrika hasiko dira norbere
aulkiaren bila. Inork ez du ipurdia berotuko dion besaulkirik gabe
geratu
nahi.